top of page

Benito Lertxundi Orion jaio zen, 1942ko urtarrilaren 6an. Bera izan zen sendi apal bateko bederatzi anai-arrebetatik azkena.

​

Jaiegunetan, familia bildutakoan kantatzen bazuten ere, ez zen musikaririk haien artean. Benitok berak ere zaletasun haundiagoa zekarren marrazkietarako, herrian zen organojole bati entzuten egotea ere gustatzen zitzaion arren. Garaiko erdal irakaskuntza hura ez zuen batere begikoa, eta herriko eskola bukatutakoan Zarauzko Arte eta Ofizio Eskolan hasi zen, frantziskotarrenean. Han buztina eta egurra lantzen ikasi zuen, eta bide horretatik lortu zuen lehenengo lana, tallista alegia, zenbait sari irabazteaz gain.

 

Hemeretzi urte zituela, Martin Lizasoren erloju dendan hasi zen lanean. Erlojuak konpontzen ikasteaz gain, Lizasok utzitak laud gitarra batekin hasi zen Benito, hura afinatzen eta jotzen. Hurrengo pausoa gitarra elektriko bat erostea izan zen. Erloju dendan bertan jotzen zuen, bazkalondoan zabaldu aurretik, bere gustoko kantarien bertsioak egin eta euskaratuz: Shadows, Cliff Richards, Elvis Presley...

laboarekin.jpg

Mikel Laboarekin (1970)

Hala ere, zaletasun hura ez zen ezaguna. Halako batean ordea, orduko La Voz de España egunkari Donostiarrak kantu txapelketa bat antolatzen zuela eta hara agertu zen, beste 400-500 lagun bezala, Bellas Artes antzokian abestera. Orduzgeroztik herrikoentzat aipagai, familiakoen artean Komeriante… bihurtu eta Mikel Laboak deitu zion.

​

1965 inguruan Ez Dok Amairu mugimendua ari zen mamitzen: Artze anaiak, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Julen Lekuona, Laboa bera... eta Oteizaren itzal luzea, euskal artea berritu eta gizartea astindu nahi zituen oldar hartan. Ikastoki eta esperimentu leku aparta izan zen hura, eta 1972 aldera desegin bazen ere, ordurako utzia zuen hazia Benitorengan.

1971n kaleratu zen bere lehen disko luzea, Benito Lertxundi beste izenik gabe. Single bilketa zen berez: gitarra hutsez abesten zituen bere hasierako borroka eta maitasun kantak.

1974an Oro laño mee batek... Lizardiren olerkiez gain, azpimarratzekoak dira gure gogoan iraun duten beste batzuk: Herri behera Benitoren jota, edo Josean Artzeren hitzetan oinarritutako Txori Txikia.

1975ean ...eta maita herria üken dezadan plazera, arrakasta haundia biltzeaz gain giltzarri bihurtuko zena. Hemen da jadanik Zuberoaren lilura, bi Nafarroak, guztion oroimenean leku berezia duen kantu sorta: Atharratze, Jaun Baruak, Maria Solt...

​

1977an disko bikoitz bat kaleratu zuen: Zuberoa / Askatasunaren Semeei. Lurralde harekiko eta bertako herri musikaren maitasun aitorpen eta omenalditzat har genezake.  

​

1981ean beste disko bikoitz bat agertu zen: Altabizkar / Itzaltzuko Bardoari. Orreagako gudaldia ardatz harturik, gure epika hondar apurrak hartu eta tratamendu berezia eman zien: kanta luzeak, instrumentu girotzea...

benito74_small.jpg

1985ean plazaratutako Gaueko ele ixilen baladak diskoak bere baitan sakontze, bilatze bat adierazten du, bere barne pentsaera lortu eta adierazteko asmoz. Arnas luzeko kantuak dira, testu sinbolikoz beteak, hala nola titulukoa, Ni Olentzero naiz, Gaua eta ni, ... Garrantzizkoa izan zen, halaber, Antonio Breschi pianista italiarraren lankidetza.

 

1987an, Mauleko bidean...izatearen mugagabean.

 

1989koa dugu bilduma aurreko azkena: Pazko gaierdi ondua. Tartean badira jendaurreko errepertorioan aspalditik kantatu arren sekula grabatu gabeak, hala nola, Primaderako liliak.

kontzertuan2_small.jpg

1993an, ordurako bi hamarkada luze zaramatzalarik musika munduan, Hunkidura Kuttunak izenburuaz diska bilduma bat argitaratu zuen. Denera, lau diskok eta 46 abestik osatzen dute bilduma, azken hauetatik hainbat eguneratuak izan direlarik.

​

1996an Hitaz Oroit diskoa argitaratu zen, J.A. Urbeltz, Xalbador, P. Ramirez eta B. Lertxundi beraren hitzez osatua. Bertan, hiru kanta Aingeru Irigarai eta Martin Irizarren oroimenez eginak daude.

​

1998. urtean, Enrique Ugartek, Lertxundiren zenbait kantu hartu eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatu zitzan moldaketak egin zituen. Kantuon arima, honela, eremu zabal, aske eta eraberritu batean kokatzen da, gogorik bitalenak azalarazi eta entzulearen irudipenean fantasiarik koloretsuenak marraztuz: Euskal Herriko bihotzaren Auhen Sinfonikoa.
 

2002.an Nere Ekialdean izeneko diskoan, sentimendu liriko eta estetiko natural bezain barnekoi batek kantatzen du, melodia sujerikorrak eta burutazio eternoak utziz.

2005 urtea esanguratsu eta garrantzitsu moduan geldituko da Lertxundiren historia profesionalean. Gertakari eta aktibitate mordoxka batek hala baieztatzen dute. Kronologikoki, hauek dira gertakari horiek: bere ibilbideko lehen bederatzi lanen berrargitarapen remasterizatua eta duindua; zuzenenko disko baten grabaketari begira, emanaldiak Tolosa, Iruña eta Gernikan egin izana; eta lan honen argitarapena, 40 urtez ikasten egonak izenburu esanguratsuaz.

​

​

taldea_ekian_small.jpg
A3-4219990--253x199.jpg

2012an Oroimenaren oraina argitaratu zuen. Pessoa poeta portugaldarraren hitzak, baita Pako Aristi, Jon Maia, Olatz Zugasti eta Jose Ramon Uriarterenak ere biltzen ditu obra honek. Disko hau, aurrekoak bezala, Euskal Herriko areto garrantzitsuenetan aurkeztu zuen jendaurrean, hala nola Donostiako Kursaal auditorioan, Bilboko Arriagan, Iruñeko Baluarten, Miarritzeko Eguerdiko Geltokian eta abarretan.

2018an Ospakizun gauean argitaratu zuen, bere ibilbideko mugarri berria, hamar kantuz osatutako diskoa.  Kantaita eneadisketxearen lehen emaitza.

 

Zuzenean lagun dituen musikariekin grabatu zituen kantuok, desikastearen beharraz, herri menderatuaren oldar askatzaileaz, edota senaren ahotsari arreta jartzeaz ari zaizkigun kantuak, Jorge Bucay argentinarraren edo Fernando Pessoaren imaginarioan biltzera garamatzatenak, hala nola Jon Maia bertsolariak Ternuatik ekarritako kantu bat ere partekatu nahi izan du.

Alos Quartet eta, Imanol Elizasu Lasaren zuzendaritzapean, Zaria Koru Eskola ere lotu zitzaizkion ospakizun honetan.

ELKAR estudioan grabatu, nahastu eta masterizatua eta Olatz Zugastirekin batera produzitu zuena.

bottom of page