GAUEKO ELE IXILLEN BALADA
(B.L.)
Gauaren lumez idazten doazen
ele ixilak nator kantatzen
jainko guztien atetan daitzen
asekaitz noa bizitzan barnatzen.
Fruitu ukakorrak ditut usantzen
amets aragikoietan ixurtzen
grinen zirrarek naute edertzen
gauaz maitaleen suan naiz erretzen.
Ene gogozko egunsentian
druiden arpen oihartzunean
iheskor noa ohargabean
izkutuko oroitzapen bidetan.
Udazken margoz andere lurra
emeki dator ene baitara
zimeldutako sinismen hura
jainkozko ikuituez laztantzera.
Azmamiez ferekatzen dudan
belar ezearen funtsean
biluztuz noa lurkoi bidaian
oharpen zaharren dastatze gozoan.
Itxaropena, zatoz nerekin
apainduaz jauntzi xuriekin
ene maitale nahi zaitut egin
aitonen semeen ohorearekin.
​
EGUN BATEZ
(B.L.)
Egun batez,
autatua izatearen zirrara
ezin gordea nialarik,
ene belarrietan
oihartzun bat hintzena
aurrez aurre
ezagutzeko aukera nian.
Hantxe hintzen
luze ibili denaren
jakindurizko keinuez
gabardinaren doai estetikoak
deusezten.
Nik, oihal xurizko ator batekin
idurikatu hintudan
eta, arpa baten beharra ere
sumatu nian hire eskuetan.
Hire iturri hitz jarioa
sakoneraino busti ninduen
apirileko euria huen.
Aidean idatzi nahirik bezala
araudi sendoz, lerro lerro
hitzak antzez dantza batean
lotu zirenean,
gure arrazaren ohizko errepika
biluztua ikusi nian
ballet batean.
Gero zaldia hartuz
kondairan barna
zalapartaka abiatu hintzen.
Luze ibiliz gero,
altzairuzko bidea egitean,
zaldia
eromenean begiak galdutako
suminduran bilakatu zitzain.
Zaldi kateztatuaren nekea
gaurkotasunez margotzen ari hintzen
eta ni hire coctail gazi gez aberatsez
mozkortzen eta mozkortzen,
lanbro fin batek bere baitan
hartu banindu bezala
irtetzen, irtetzen;
hire itzalarekin
ator bat egin nian.
​
DAMA GAZTE XARMANT BAT
(Herrikoia)
Dama gazte xarmant bat jiten zaut bixtara,
Iduritzen baitzeraut zeruko izarra!
Ama batek hazteko, hori zerbait bada
Gure salbatzaileak kontserba dezala!
Trala tralara tralara, kontserba dezala!
"Gabon gizon gaztea, konpañiarekin!
Gostu du egotiak ixtant bat zurekin
Badakizu mintzatzen errespetuarekin,
Jainkoak har zitzala hil-ondoan berekin!"
Trala tralara tralara, hil-ondoan berekin!
"Ene maite pollita non ote den bizi,
Bazinakikeea zuk haren zerbait berri?
Aspaldi ikustera joan nahia bethi...
errozu ene partez, milaka goraintzi."
Trala tralara tralara, milaka goraintzi.
"Ez zinuke ia hobe zauhaurrek joaitea,
Nitaz igorri gabe komisionea?
Samurturen ote den ez zaitela fida;
Zatoz enekin eta, biak joanen gira."
Trala tralara tralara, biak joanen gira.
GAUA ETA NI
(Khalil Gibran/B.L.)
Zu bezelakoa naiz, oi gaua;
iluna eta biluzia. Ene ametsen garretan
dagoen bidean barna noa eta ene
oinak lurra ukitu orotan egundoko
aritza sortzen da.
Ez, zu ez zara ni bezelakoa, oi eroa;
ondarrean egin atza neunzera
oraindik ere atza begiratzen bait duzu.
Zu bezelakoa naiz, oi gaua:
ixilla eta sakona. Eta ene bakardadearen
bihotzean ba da erditzen ari den
jainkosa bat, eta bertan zerua eta
infernua bat egiten dira.
Ez zu ez zara ni bezelakoa, oi eroa;
oraindik ere oinazeak ikaratzen bait zaitu
eta osinaren dei-kantak izitzen.
Zu bezelakoa naiz, oi gaua:
basa eta ikaragarria; ene belarriak
menperatu herrien garraxiz eta ahaztu
lurren asperenez beterik bait daude.
Ez, zu ez zara ni bezelakoa, oi eroa;
oraindik ere zure ni ttipia laguntzat
daukazu eta ez duzu zure Ni haundiaren
adiskide izatea lortzen.
Zu bezelakoa naiz, oi gaua:
bihotz-gogorra eta beldurgarria;
ene bularra garretan dauden
itsasontziek argitua bait dago
eta ene ezpainak hildako gudarien odolez bustiak.
Ez, zu ez zara ni bezelakoa, oi eroa;
oraindik ere zure bizki-arimaren
grinak dauzkatzu eta ez zara
bihunu zuhaurren lege bakarra.
Zu bezelakoa naiz, oi gaua:
gatz eta piper ene itzalaren babesean
lo dagoen hura ardo birjinaz mozkortua
bait dago orain, eta jarraitzen didan
emakumeak bekatu egiten du alaiki.
Ez, zu ez zara ni bezelakoa, oi eroa;
zure arima zazpi toleseko oihaletan inguratua
bait dago eta ez deramazu bihotza eskuetan.
Zu bezelakoa naiz, oi gaua:
jasale eta grinatsua, ene bularrean
zimeldu musuzko hil-atorretan
ameka maitale hil bait daude obiratuak.
​
NI OLENTZERO NAIZ
(J.R. Uriarte-B.L.)
Anai-arrebak
ni Olentzero naiz
ni Euskalerriko Olentzero
atzoko eta biharko opariak dakartzkitzuena
traizioz hildako karlisten gibel freskoak
geldirik dauden burni oletako maillu eta auspoak
mehatzariak, ikazkinak, benakeroak, zurginak eta olagizonak
esku eta aurpegiak garbi
begiak malko
biraoka eta zikin
mendiari behera iheska kaietara
gari eta oihal bila doazenak,
Espainiako opari garestia dakartzuet
espaineratutako Bizkai mehatzetako burnia
anai-arrebak aditzen?
Orai hemen nago
etxeko sutondoan zerraldo
zomorroak ahoan, lerdea dariodala
hemen nago
Orduñatikako bidez datozen hiltzailei begira
eta ikusten, ai!
nola ari diren gure kaiak lelo-kabiak bihurtzen
ikusten
orain txizpaz armatutako kaioen ega askea,
hemen nago
Leonard Cohen bezala sentitu nahirik
trintxeretako gudariei jauna deramaioten apez euskaldun bat
izan nahian,
a, ni plazerra naiz
ni basauntz bat naiz
Jaizkibeletik itsasora jauzika doana
eta gauez beren burua hiltzen duten
euskal olerkariekin
eta haien gorputzak laztanduko dituzten
lupin eta legatzekin
Laga, Bakio eta Ondarraitzeko ondartzetan
mintzatzen naiz
ni haur jaioberria naiz
Aturri ibaian barna
ene arbasoen laztan eta fereken
billa dabillena,
a, ni izanen naiz
ene alaben arto, maitale eta seme
eta euri denean
haiekin joanen naiz
bertsoak entzutera Xenpelarrenera,
Irlandako emakumeok, Euskalerriko emakumeok
gure abestiz beteko dugu geroa
belarrezko arparen itzalean eginen loa
eta zuen semeak bretoi izanen dira
Bizkaiko eukalitoen antzera,
eta inork
inork ez du honen berri izanen
debekatua bait dago gure amodioa,
eta orain banoa
eta barka kantu triste hau
barka txoriekin besarkaturik
gure itsasoko ur sakonetan murgiltzen banaiz
Agur, Agur ene
Agur, Agur seme
Agur itsaso, Agur Garazi
Agur, Agur anai-arrebak
Agur ene
Agur seme
Agur anai-arrebak
Agur ene
Agur seme
Agur ene guztiak.