top of page

KANTUZ
(Joxe Mendiague – BL, Olatz Zugasti)

Kantuz sortu naiz eta, kantuz nahi bizi,
Kantuz igortzen ditut, nik penak ihesi,
Kantuz izan dudanian zerbeit irabazi
Kantuz gostura ditut guziak irazi
Katuz ni bezelakoa hiltzia du merezi.

Kantuz pasatu ditut, gau eta egunak
Kantuz izan dirare, ardura ene lanak
Kantuz bildu izan ditut aldeko lagunak
Kantuz eman daiteke obra gabe famak
Kantuz hartuko ahal nau gure lur amak.

Kantuz eman izan dut askotan berria
Kantuz gustatu izan zait erraitia egia
Kantu eginez gero mundura sortzia
Kantuz ein beharko dut ene ustez hiltzia
Kantuz egin natzaizun bihotzean sartzia.

Kantuz ehortz nezaten hiltzen nahizenian
Kantuz ene lagunek harturik airian
Kantuz ariko dira ni lurrian sartzian
Kantu frango utziko diotet mundian
Kantu egin dezaten nitaz oroitzian.

BAKEA
(BL – Jon Maia)

Bakea,
aho-xurien leloa,
desarrazoiak bahitua,
menperatzaileen kalakan
antzutua.

Ezbeharraren aurrean,
demagogo ahotsa
ozenki altxatzeak
zer balio du,
beren burua
islada dezakeen
zioa estaltzeko ez bada?

Hauek denborak!
mundua hatzaparretan duten
hantuste madarikatuak
dituzu bakearen paladinak!

Bakea, bake izanen da
askatasun ehuleen
bizi-eremua denean.

​

ILARGIA
(BL – Jon Maia)

Ilargiak tranpa egiten du
Uretan isladaturik,
Beregana eramango gaituen bidea erakusten digunean,
Zeru garbiko gauetan.
Edertasunez estaltzen diren bideetan
Arrisku handia dago:
Liluraturik haiengan pausatu eta
Oharkabean ito egiten zara,
Izarrez beteriko zerupean.

​

HITZAK
(BL)

Hitzak sententzi funtsgabeak dira batzuetan
Nahasmen esanak.
Bada gatazkarik gabe bizitzarik
Ez dagoela uste duenik, …
Gatazka ordea ez da bizitzearen muina
Ez ta bihotza ere.

Pentsamendu otzanduan egi bila dabilenak
Arrazoia errausten du,
Pentsamolde kokatuaren lohipean
Begiratzen duenak, agian,
ziurtasunarekin bat egingo du.

Badira kanpoan itxaron behar ez direnak
Barnetik baitabiltza hoiek;
besteengan inspirazio bila
Haspertu eta
Errukiaren sutan erre nahi gabea
Onartu zutenak.

​

HAIZEAK JOTZEN ZUEN  
(BL – Jon Maia)

Haizeak jotzen zuen
Ta hostoak erortzen
Herri bakarti haretan,
Gauak luzeak
Ta egunak luzeagoak
Oraindik ere gehienetan.

Plazak hutsak isilean
Zabalak kaleak
Pasaden mende bateko
Tabernak, tabernariak.
Jendea eta trenak
Eta penak…

Badoaz ta badatoz
Badatoz eta badoaz
Sasizko noriak kaletan
Gauargi zaharrak
Promestu biziaren
Aztarna bilaketan

Geltokiko agurearen antzera
Mendeak eta mendeak
Zain egon denaren
Tristura nabari zen
Herri haretan.

​

NI GATIBU HARTZEKO  
(Herrikoia – Olatz Zugasti – BL)

Era aunitz dago
Ni gatibu hartzeko,
Arma mota ugari
Amore emateko,
Suzkoak eta hitzezkoak,
Eta ukamena denetan bortitzena.

Era aunitz dago
Ni gatibu hartzeko,
Arma mota ugari
Amore emateko,
Suzkoak eta hitzezkoak,
Zuk uzten dizkidazun bideetarik,
Bat edo bestea hartzen dudalarik
Igartuko dira nire begiak
Eta oharmena
Ene ihesbiderik onena.

​

ITZALA
(Herrikoia – Andoni Egaña – BL)

Epaile bat behin, konturatu zen
hiru urrats eman ahala,
egun eta gau, gau eta egun
norbait segika zeukala.
Epaile jauna nora zioan
bera hara zihoala
pentsatu gabe agindu zuen:
“kartzelan sartu itzala!”

Bere baitako sentituko zen,
Epaitegiko marrazo
batzun aldetik ez zuen izan
ez kritika, ez arazo.
Hedabideek, handi-mandiek,
hartu zuten gozo-gozo
titulatuaz: “delako itzala
arriskutsua zen oso.”

Baina grazia handirik ere
ez zion egin askori,
Justizi ezak ipini zuen
kaleko giroa gori.
Haur txiki batek kontatu zion:
“begira epaile ongi…
Mamu-mamitzen saiatu arren
zeure itzala zen hori.”

Epaile jauna konturatu zen
bistan zuela uzkia…
haren dardara, ezin egona
eta kopeta bustia.
Kartzelan sartu zituen biak:
Ilargia ta eguzkia…
Egia esan zion haurtxoak ta mugitzen zen guztia.

​

PARTIADA TRIXTEA TERNUARAT  
(Herrikoia – BL)

Partitzean Ternuara,
Untzia prest da belara:
Berga haut dago arradan,
Denbor-onaren paradan.

Txuri garbi zeru gaina,
itsasoak eder maina:
Haize ona belarako,
Denbor ona partitzeko.

Untzitik artilleria,
Atean mandataria,
Enbarg-hadi marinela,
Untziak dagian bela.

Adios aita, adios, ama,
Behar handiak narama:
Neure buraso zaharrak,
Zuen hasteko beharrak.

Adios neure emaztea,
Esposa maite gaztea;
Tristea dut partiada,
Sekulakotz beharbada.

Bizi beharrez bizia
Benturatzen dut guzia;
Bizi ustean hiltzera,
Banoa hirriskatzera.

Itsasoak nau bizitzen
Hark berak nau ni izitzen;
Bizi laburra emanen
Gero berak eramanen.

Adi neure haur xumeak,
Seme alaba maiteak;
Galtzen baduzue aita,
Ama alarguna maita.

​

MARINEL GALDUAREN BALADA  
(BL – Iñaki Azkune)

Lizar lerden,
jainkosen gutizia,
hara zer den
irrika bizia,
gogoz biluzia.
Izar lehen,
gure kemen,
distira nagusia,
tanta garden
altzora jausia,
ezti-eguzkia.

Sagar-lore
udaberriz jantzia,
kanpandorre
ezkila-ontzia,
doinu-erauntsia.
Zer kolore!
Zer dotore!
Zer ezkontza antsia!
Zilar-dorre,
laztan-goraintzia
ezin ahantzia.

Zeruertza,
bide amaigabea,
zain baleza
urrezko alea,
etxeko habea.
Babes eza
gazi-geza,
beharraren katea!
Apar beltza,
bizi-galbahea,
gupidagabea.

Haril zuri,
goru eta ardatza,
oihal guri,
irule maratza,
maitezko adatsa.
Azal-zurbil
bila dabil
kuttunaren lorratza;
urak du hil,
itsasoan datza,
a zer min garratza!

Ekiari
txantxangorriak txio,
leihoari
ilunak adio,
malkoa dario.
Mezulari,
joan hadi,
hatsa sar balekio!
Gure Marik
erauzi baitio,
musu eman dio.

Karabela
eder kresal gainetan,
dagoela
haize-hegaletan,
begi ninietan.
Hi hintzela
ontzi-belan
maite hindudan eta,
marinela,
hago uhinetan,
ene ametsetan.

​

MIROTZAK
Nire herria
Mirotz leinua
Arrau orru
Bihozkadaren ohiua.

Eguzki printzek
urrez jantzia
Garaitz mina
Daraman lehia-ontzia.

Denboretan
Mirotzen hatsa
Kantaurian
Itsatsirik den ugatsa.

Itsas deia
Argiñabarrez
Datorkio mirotzari
Irribarrez.

Itsas gizon
Kresaltsuak
Poz eta minen
Uretan miroztuak.

Etzara inoiz
Bakarrik joango
Mirotz gogoa
Da zure arnasa izango.

Nire herria mirotz
Mirotz leinua
Arraun orru
Bihotzkadaren oihua.

bottom of page