top of page

FORMAK
(B.L.)

Formak onak dira
haietan galtzen ez zaren artean. (bis)

Hogei urtez egon nintzen
eskaparate batean,
desafiozko begiraden aurrean.

Segurtasu beharrez
hainbat
forma saiatu nituen…, (bis)
jatorrizkoez ahaztu nintzen.

Kantari historikotzat omen naukate,
agian bitrinen bat dut itxaroten,
libra nadila horretatik gutxienez
eta urra nezatela
larros-arantzek azkenerarte.

Formak onak dira, bai,
baldin eta haietan
ez bazara galtzen…
fometan ez bazara galtzen…

​

UDAZKEN KOLORETAN
(B.L.)

Udazken koloretan,
landen lurrinak zeharkatuz,
hitaz oroit
eta higan nauk.

Zuhaitz biluziaren
gerizpean orpondoa,
orbelaren hilobi,
horiz eta gorriz
dena lokarturik.

Eskuratu hostoa
xume bezain eder,
hain soila bere heriotzean,
zuhaitz guztiaren bizkortasunez
hain betea,
non erortze honen duintasunak
hiri kantatzera naraman.

Berriro zuhaitzari
so natzaiok, kezkaturik ote?…
joate askearen oparotasunean,
betikotasunaren irria zirudik.

Gatibu naukan denborak,
bere baitan egositako
ametsetaz isekaz
bailegoan.

Udazken koloretan,
landen lurrinak zeharkatuz,
hitaz oroit eta higan nauk,
hain soil hire heriotzean,
hain xume, adiorik gabeko
partitzean.

​

BIHOTZ
(B.L.)

Gela ilun batean
bizi zara bihotz,
sineskeriaz elikatuz,
berezia zarela uste duzu.

Zeurekoi asmoak jorratuz,
hilezkortasuna amets eta…
zalantzaren itzalak
ikaratzen zaitu.

Bihotz guztiak zara zugan
baina, ez zara ohartzen.
Bihotz ororen poz eta mina
daramatzazu zure taupadetan,
baina oraindik ez duzu ikusi,
balio bilketan lausoturik
baitzaude.

Hilezkor izan nahi duzu
eta hilezkor zara,
hilezkor bihotz guztietan,
bihotzean…
bizi, irri, nigar, heriotz, bihotz.

​

BALDORBA
(J.A. Urbeltz – B.L.)

Ezkil gabeko elizen
eremu emankorra,
giza murzuriko
zure ardientzat.

Oi Baldorba!
eguzki eta haize idor,
mahats-ardo ibai,
galburuarena.

Lur gorri, harri landu,
mailu eta xixelaren kantu.
Gitarrazko alakiketan,
Armeniako kanun ahots urratuan.

Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen madarikatua!

Zure irriño erromanikoa
erdi izoztu eta leloturik
utzi zuen madarikatuaren
izena nahi dut.

Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen madarikatua!

Oi Baldorba!
zutaz oroit eta
zuri nagozu.

Kantu bat laburra da eta
pentsa zuk,
esaten ez dizudan hartaz.

Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen
madarikatua.

​

TXORI TTIKIA
(J.A.Artze – B.L.)

Txori ttikia nintzelarik
esan zidaten,
kaiolan bizitzeko
sortua nintzela, (bis)
gero arrano bihurtu(ko) nintzanean
kaiola hautsita aldegingo
nuen beldurrez.
Libro nintzela sinistarazi
nahi zidaten,
horregatik iriki zizkidaten ateak
egin nezan hegaz,
bainan luze gabe ohartu nintzen
hanka harkaitz bati
lotu zidatela
kate motz eta astun batez. (dena bis)

Kaiolako ateak iriki zizkidaten,
bainan hanka harkaitz bati lotu zidaten.

​

OI ZUBEROA
(J.A.Irigaray – B.L.)

Oi gure herria
zer hintzen eta non hago.
Zazpi mendeko gauean
zanpatua
itoa
zikiratua
ahuldua
eta
ohitua
bortxara
alabeharrez
ez ote duka jada kemenik
hire hatsa sendotzeko?

Oi Zuberoa
bizitzaren ametsa,
negarra dagit sakonki,
hiri so
nere hatsa duk
bihurtzen auhena,
oi Zuberoa
zer hintzen eta non hago.

​

OI AMA ESKUAL HERRI
(Etxaun Iruri/Herrikoia)

Anai etxen da ezküntü
bükatü niz oain joaitera
ene opilaren egitera
Pariserat banüazü

Oi ama Eskual Herri goxua
zutandik urrun triste banüa
adios gaixo etxen dena
adios Xiberua. (bis)

Pariseko bizitzia
lan kostüzüriaz bagiazü
bena berantzen zütadazü
zure berriz ikustia.

Oi ama Eskual Herria…

​

OI LUR, OI LUR
(Lizardi – B.L.)

Oi, lur, oi, lur,
oi, ene lur nerea…
oi, goiz eme,
parre gozoz ernea.

Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak
oro laño
mee batek estalia,
urrez oro eguzkiak yantzia…

Nekazari
gizandi bati iduri
soroan zut:
beyondezula zuri…

Ipui zaarrak, zatozte gogora
zatozte erregin gai begizko altzora.

Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
ta (bertan ni) bultzia…

Oi, ene lur,
ba ninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea…

bañan… ezin:
beeko behar goriak
narama… agur,
soro, sagar, mendiak… (bis)

​

BIZKAIA MAITE
(J.A.Irigaray – B.L.)

Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zindudan
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua
nere gogoaren ertzatik pasatzen
zure usain gozoa
lana, amodioa, itsasoa
nere baitan sartzen.
Atzo goizean entzun nuen
zure berbaren oihartzuna
zure kantaren fereka
bihotzean kilika
eta oihartzunaren haunditasunean murgilduz
joan nintzen, jiauzika, egaka.

Bart arratsean
arbasoen baratzaren ondoan
bertsotan eta dantzan lotu zinen,
alai, piper eta gatza
sabel emankorra.
Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zintudan
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua
olerkari penatuaren gozo eta mina
amodio eta kanta,
zure berba lehun
zure gatzaren bizia
zure burdinaren goria
dira gaur neretzat aterbe.

Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zindudan
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua
lirain, sendo, eder.

​

URRUNDIK HELDU NAIZ
(J.A. Urbeltz – B.L.)

Urrundik heldu naiz luze ibiliz,
bidez bide eta bidetako
hautsak garia sortarazi du
ene oiñetako behatz artetik…

Ene burua untzaz ari da estaltzen,
eskuetako behatzetan
madariondoaren hosto xamurrak
loratzen…

Bizkarrean…
ortzien barna…
magali mikatzen kimuak
txertatzen ari zaizkidalarik…
San Migeletan… itsasoa… ñabarra
ludia ttipitzen duen itxasoa
Ene baitan urriaren egohaizearekin batera
azi busti eta emankorra
ari du…

Zilegi bekit adiskide, esatea, pentsatzea
harek ez du goroldio baizik sortuko
gure harrizko buruetan…

​

IRAGAN LURRINA
(J.R.Uriarte – B.L.)

A, ni plazerra naiz
ni basauntz bat naiz
Jaizkibeletik itsasora jauzika doana
eta gauez beren burua hiltzen duten
euskal olerkariekin
eta haien gorputzak laztanduko dituzten
lupin eta legatzekin
Laga, Bakio eta Ondarraitzeko ondartzetan
mintzatzen naiz
ni haur jaioberria naiz
Aturri ibaian barna
ene arbasoen laztan eta fereken
bila dabilena.

bottom of page