OI LUR, OI LUR
(Lizardi - B.L.)
Oi, lur, oi, lur,
oi, ene lur nerea...
oi, goiz eme,
parre gozoz ernea.
Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak
oro laño
mee batek estalia,
urrez oro eguzkiak yantzia...
Nekazari
gizandi bati iduri
soroan zut:
beyondezula zuri...
Ipui zaarrak, zatozte gogora
zatozte erregin gai begizko altzora.
Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
ta (bertan ni) bultzia...
Oi, ene lur,
ba ninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea...
bañan... ezin:
beeko behar goriak
narama... agur,
soro, sagar, mendiak... (bis)
ASARRE EGON NAHI NUKE
(Xabier Lete - B.L.)
Asarre egon nahi nuke
bihotza betean
oraindikan gaztea
naizen bitartean
nik sinisten ditudan
egia trebeak
biribilka ditezen
erdiko kalean.
Ez dakit gauza askorik
ez nago seguru,
bizitzeko baditut
oraindik bost ordu.
Hiru pasa nituen
bideak bilatzen
eta beste hainbeste
lehengoak urratzen.
Nundik nora nijoan
ez da gauza argia,
bainan aserre nago,
hori da egia.
Eta egon nahi nuke
bihotza betean
oraindikan gaztea
naizen bitartean.
ZURE ASKATASUNAGATIK
(J.A.Artze - B.L.)
Zure askatasunagatik
burrukatzen banaiz,
kantatzen badut,
ez dut, maite zaitudalako
kantatzen. (bis)
Ez eta
zure malkoak xukatzeagatik.
Zoriontsu
libro behar zaitudalako, baizik;
Zure askatasunean
zure zorionean
nereak ikusten, ikusten dudalako.
HERRIBEHERA (B.L.)
Herribehera Herribehera
zure landen zabalera
ortzi-muga den hartan mugatzen da.
Zure lur emankorretan
ixurtzen diren asmoak
gogotsu hartuko ahal ditu lur gozoak.
Zure gaztelu zaharrek
gorderik duten aintzina
hats tristetan mintzo da haren mina.
Horma zahar arraituetan
txoriak dira kantatzen
mendetako lo geldia salatzen.
Nafarra anaia zaharra
kondairaren lehen sustarra
bego higan arbasoen amets hura.
TXORI TTIKIA
(J.A.Artze - B.L.)
Txori ttikia nintzelarik
esan zidaten,
kaiolan bizitzeko
sortua nintzela, (bis)
gero arrano bihurtu(ko) nintzanean
kaiola hautsita aldegingo
nuen beldurrez.
Libro nintzela sinistarazi
nahi zidaten,
horregatik iriki zizkidaten ateak
egin nezan hegaz,
bainan luze gabe ohartu nintzen
hanka harkaitz bati
lotu zidatela
kate motz eta astun batez. (dena bis)
Kaiolako ateak iriki zizkidaten,
bainan hanka harkaitz bati lotu zidaten.
EUSKAL PIZKUNDEA
(Lizardi - B.L.)
Gau luzea gau latza
Gau izar gabea,
nekez gendun ikusi
haren azkentzea.
Gauerdian hil zaigu
amona gurea,
esku gogortuetan
dauka gurutzea.
Gure sukalde zarra
etxe pizgarria
bart lagunarte goxo
gaur bakar gorria
lehen epela jario
orain hotz larria.
Amonarekin batez
dezu utzi bizia.
Amonaren alkia
hago sutondoan
haren ipuirik aldek
hik jaso gogoan?
hik ez? Laratzak? Ezta...
Ez uste gozoan
geunden ta gure poza
betiko da joan.
Orduan belaunikatu
nintzan auts gainera.
Hark gordetako sua
zu ere hil ote zera?
Autsa pitinka urratu
nuen, beldur bera.
Sua bizirik dago
galduak ez gera.
Geroztik ari nauzu
auts zaharrak astintzen
aitton-amon guztien
ipuiak jasotzen
herriaren pitxiak
magalean biltzen
ez baita hil gure herria
zutitu gaitezen.
Hil ez da ta ezta hilko
guk ez badugu nahi.
Bizi irrikaz zegoan
gure maitasun zai,
haren susper beharrez
goazen nora nahi.
Pizkor urra ditzagun
malkar eta zelai.
Egizute nerekin
aberri bidea.
Bildu dezagun nun nahi
asaben lorea.
Ta gaur danik gorritu
gure sukaldea.
Ni nor naizen asmatu,
Euskal pizkundea.
ESKU EZKERRA (Haur bati)
(B.L.)
Haurra jipoitu haute
bahin eta berriz
esku ezkerrez
gurutze santua
egin dukelako. (bis)
Hirea balitz bezala errua
ezkerrez trebeagoa izatea,
bainan denak bezala
eskubiz egiten
ikasi behar duk,
bestela ezbedina izango haiz
eta hori gaizki ikusia zegok,
denak berdinak
berdinak denak
behar omen ditek izan.
Hi ere hala izatea
nahi dik gizarteak
ohitura onak gordetzeagatik
aurreegi joan ez hadin,
patxaran bizi direnei
kezkarik ez sortzearren,
nahiz eta hiri
esku zuzena (ezkerra) okertu.
Dilin dalan, dilin dalan,
dilin dalan, dilin dalan,
dilin dalan, dilin dalan,
zibilizazioaren kanpaia.
dilin dalan, dilin dalan...
ENTZUN ZAZU
(Eskoziako doinua - B.L.)
Entzun zazu adiskide
kantu hau dizut eskeintzen,
ene barne kolpatu hontan
zuretzat da oldozten.
Nigan dut zuen mezua
zuen zerutik bildua,
mendi beltzetan barrena
oihuz dijoan Breizh Atao.
Saint Maloko itsasoan,
herri bat nuen hausnartzen,
haren kolkoan errotik nintzen,
zuetako bat sentitzen.
Nigan dut zuen mezua
zuen zerutik bildua,
mendi beltzetan barrena
oihuz dijoan Breizh Atao.
Eskuak elkarturikan
lotu ginen dantzetan,
elkarrekin landuko dugun
bide bat han hasi zan.
Nigan dut zuen mezua
zuen zerutik bildua,
mendi beltzetan barrena
oihuz dijoan Breizh Atao. (bis)
Gora
ORIA IBAIA
(B.L.)
Gure bazterrak bustitzen
dituzun ibaia,
aspaldian ustelkeriz
zikindurik zatozena.
Zigortzetik utzi zaituen
une beretik ikusten dut,
oraindik ere
bizi nahia
borondatea
ta maitasuna,
igeri dabiltzala
zure haunditasunean,
igeri dabiltzala
zure haunditasunean.
Zugan daramakiten pozoiketa
ez da nahikoa
zure hats bizikorra itotzeko.
Zure menperatzaileei
dena barkatuz bezala,
osasuntsu ageri zara
eta oraindik
gazia den zure gatza
eskertzen dizute arraitxoek,
eskertzen dizute arraitxoek.
Nik: zure barnetaraino
murgildu nahi dut gaur
zure maitasunean igeri egin
eta hantxe zure bustitasunean
abiatuko naiz
heriotza menperatzeko duzun
sekretoaren bila.
Eta han,
zure bihotzaren erdian
nere ahalmen guztiak
txertoaren gisa
ixuri nahi nituzke
etsaiaren atzapar beltza
eror ez dakizun, (bis)
edertasun guztien leku
izan nahi duzunez gero
hala izan zaitezen.
Bizitzaren kantu zaren ibaia,
bizitzaren kantu zaren Oria ibaia. (bis)
OI GURE LURRA
(B.L.)
Oi, gure lurra;
Begietan urtuz bizitzeko lur pare gabea.
Hire misteriozko iturriek asetzen ditek,
ene gogoetako egarria.
Hire bazterrak haizetan kantatzen,
asaba zaharren mezua.
Haien testigu bakarra,
munduan bazain zaharra,
oihan eta erreka garbien bebesle zuhurra,
lainoen maitale jatorra.
Hire edertasunaz liluraturik
jeisten baizizkik, jazkera apainetan xuri,
eta lotzen besarkada luzeetan,
ixiltasunaren azpian.
Bele beltza hega hegaka,
getaria bat iduri,
zuen atseden oparoa gordetzen.
Bainan ez gaituk hire jabe...
Galdua ote diagu arbasoen odol-zaina?...
Zer diok hik gure ahuleziaz?...
Ahalge ote haiz?...
Estalgarritzat deitzen ote diok lanbroari?...
Oi, gure lurra;
Ene gogo-minaren ezti gozagarria,
hiri so, ene hatsak duk egiten ahoan abesti.