AIRE DELIZIUS HUNTAN
(Herrikoia)
- Instrumentala -
ZUBEROA I
(Errepollenekue - B.L.)
Zuberoa, Zuberoa
emakume edo igali
izpiluen izpilu.
Ez dakit zure baitan erresinolaren bat lo ote datzan,
ez dakit zure belardi-azpian inor pitxiak lantzen
ari ote den, astiro.
Ez dakit ere arto-sailik ba ote duzun,
ez eta zein den ere zure sagar-azalen kolore.
Zuberoa, Zuberoa
emakume edo igali
izpiluen izpilu.
Noiz dagi euri Zuberoan?
Nola dute emakumek begiratzen Zuberoan?
Nola da hiltzen Zuberoan? Nola?
Zutaz ez dakit deus ere,
ez zaitut ezagutzen.
Bakarrik, zure kantaren bat entzun dut
ta horregatik zaitut maitatzen,
horregatik, bakarrik, nauzu zure alde.
ZUBEROA II
(J.A.Urbeltz - B.L.)
Zuberoa,
gure herriaren ondamendi garratzaren eredu
Jainkozko mundua,
zure azken atsetan ihauteriari zara lotzen,
Ihauteri,
bizitzaren soka-dantzan lehenbiziko jauzi
natura eta bizi-indarren eraberritze kosmozkoan
bizi sinestearen oinarri.
Zuberoko herria,
ondatzen eta bersortzen diren naturen arteko
eten gabeko borrokan
beti garaile.
Zuberoko herria,
lurrezko jakinduria
jatorrizko bihia,
munduko ardatza
gure ardatzaren mundua,
zuk asmatu dituzu kanta eta dantza
klasiko-aurrekoaren eta betikotasunaren orantza...
Jinkoak benedika zaitzala.
(Hau pittu, hau
kauterak, Herriak du kautera
super ziniak dira ofizialiak
berrogei urte ikasten egon naiz
ta kobria erabilten nahi dugun bezala).
ZUBEROAKO BRALIA
(Herrikoia)
- Instrumentala -
PRIMA EIJERRA
(Herrikoia)
Prima eijerra, zütaz fidatürik,
anitx bagira, oro tronpatürik.
Enia zirenez erraidazü bai ala ez,
bestela banua
desertiala nigarrez hürtzera.
Desertiala juan nahi bazira,
arren zuaza, oi, bena berhala.
Etzitiala jin harzara nigana,
bestela gogua
dolütüren zaizü, amoros gaxua.
PASTORALEKO MARTXA
(Herrikoia)
- Instrumentala -
​
OI ZUBEROA
(J.A.Irigaray - B.L.)
Oi gure herria
zer hintzen eta non hago.
Zazpi mendeko gauean
zanpatua
itoa
zikiratua
ahuldua
eta
ohitua
bortxara
alabeharrez
ez ote duka jada kemenik
hire hatsa sendotzeko?
Oi Zuberoa
bizitzaren ametsa,
negarra dagit sakonki,
hiri so
nere hatsa duk
bihurtzen auhena,
oi Zuberoa
zer hintzen eta non hago.
ORHIKO TXORIA -aurreko CD egindako edizioan falta da-
(Herrikoia)
- Instrumentala -
MUNDIAN MALERUSIK
(Etxahun Barkoxe)
Mündian malerusik hanitx bagirade
Bena ni bezañ denik ezta ihur ere.
Nihauren funtsetan nahiz izan jabe,
Hamar urteren galerak enetzat dirade.
Desertüko ihiziak, jenten beldürrez
Abisatzen dirade egoitera gordez.
Ni ere, hurak bezala, gaixua nigarrez,
Ene bizi trixtia kuntserbi beharrez.
Hogei eta bi urtik bete egünin,
Emazte bat hartü nin ene zorigaitzin;
Erraiten ahal beitüt zereki zeitan jin,
Ene ürka büllhürra gorderik altzopin.
GOIZIAN ARGI HASTIAN
(Etxahun Iruri)
Goizian argi hastian, ene leiho-hegian
txori bat pausatzen da eta goratük hasten kantan.
Txori eijera, hain alegera, entzüten haidanian,
ene bihotzeko tristüra laister duak aidian.
Ene xoririk maitena, zertaz jin hiz ni gana.
Iratzarrazi nialarik ametsik eijerrena.
Jinik hain goizik, uste hiena baniala hanitx pena?
Ez, ez, habil kontsolatzera malerusago dena.
KADRILLE -aurreko CD egindako edizioan falta da-
(Herrikoia)
- Instrumentala -
​
AIEZKOAKO MENDIETAN
​
(J.A.Irigaray - Herrikoia - B.L.)
Aiezkoako mendietan
Auñamendiren magalean
Iratiko oihanaren itzalean
bihotzaren erdian
euri, elur eta laino
laino guztien artean
zegoen eta dago
bakardadean
ixilean, lo
Orbaizetako ola
Orbaizetako fabrikaren ondarra
eta oroitzapena.
Tegi baliosa
altxor preziatua,
karlistek eta lieberalek
borrokatutakoa,
osinean amildu eta gero
finean
edozein aizeren menpekoa.
Zure azken atsaren lekuko
Telleria zuzendaria
zure magalean ehortzia
Xangoaren bakean
labeen ondoan
fago batzuen azpian,
sabeleko suaren getari
hilik ere zeletan.
Orbaitzetako ola
gure amets arriztatua
gure itsaropen urtua
hor zaude
zu zara
mendien erdian
euri, elur eta laiño
gure aragi urratuaren
ondar hil eta bizia,
Orbaizetako ola zahar
eta berria
gure izatearen oroitarria.
ORBAIZETA ARMA OLAREN KANTUA
(B.L.)
Orbaitzetako arma-olaren
horma zaharrak
suzko ekaitz dardartsu guziak
jaurtikiaz jasanik,
kondaira urratu baten
ezaugarri bezala,
xoilki,
bakardadean geldituak.
Beren baitatik ohizko bidean
erreka iheskorra doa,
harriez maitemin ta lehen-minez
eten gabeko joanean,
ezetasun orlegiz
itzala jauntziaz,
eta uraren murmurio zoroak
hantxe du aurkitzen
oihartzunaren lilura.
Nortasun sarkorra darion
yaure sendoa,
gure nahi ta ezinezko izate autsiaren
irudi apurtua.
Zahartuegia dagoen
gure ez izatearen mina
ixurtzen ari den sabel sofritua.
Eta eguneroko bakardadean,
ixil ixilean,
nehor ere ohartu gabean,
suzko, burdinezko, zizpazko
oroitzapen zaharrak
kopletan jalgitzen dira
hormetan erroak dituzten zuhaitzetan gora.
... Eta basoilarrak kantatzen du
Iratiko basoan.
OTARTXO UTSA
(Lizardi - Bretainako herrikoia)
Mendian ari da
kukua kantari;
Basoa ta itzala
elkarren maitari;
Mitxeletak, ilkor-
ezik beren ustez,
badabiltza han ta hor
lur apaindu gainez...
Zumezko otartxoa
udaberria izan
ta, nola gaixoa,
zaude baxterrean?...
Yun baita, betiko
yun, aitaren poza.
Loreak biltzeko
ez izaki gauza.
Beso biguin haiek
gogortu baitziran,
ta itzali begiek
gau etengabean...
Zumezko otartxoa;
erraidazu arren,
uts duzun ondoa.
Ez ote, bederen,
loreño bat ahaztu
zure sabelean;
aita dadin poztu
bere negarrean?
Lore bat gorria,
mardul, eze, beti;
erts-ezin zauria
odolezko iduri...
Oroitzezko lore,
laztan bihotzeko,
itzali den nere
izarrarentzako.(bis)
BIZKAIA MAITE
(J.A.Irigaray - B.L.)
Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zindudan
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua
nere gogoaren ertzatik pasatzen
zure usain gozoa
lana, amodioa, itsasoa
nere baitan sartzen.
Atzo goizean entzun nuen
zure berbaren oihartzuna
zure kantaren fereka
bihotzean kilika
eta oihartzunaren haunditasunean murgilduz
joan nintzen, jauzika, egaka.
Bart arratsean
arbasoen baratzaren ondoan
bertsotan eta dantzan lotu zinen,
alai, piper eta gatza
sabel emankor.
Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zintudan
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua
olerkari penatuaren gozo eta mina
amodio eta kanta,
zure berba lehun
zure gatzaren bizia
zure burdinaren goria
dira gaur neretzat aterbe.
Bizkaia maite,
atzo goizean ikusi zindudan
soineko xuriz jantzia
buruan orlegi, bihotzean sua
lirain, sendo, eder.
ZORTEAREN KOLPEAK
(J.A.Irigaray - B.L.)
Zortearen kolpeak joaz,
emeka negar
herra
gorroto
irri, dantza eta malko
irentsitako lur puska honetan
suertatu naiz bizitzan,
eta lurrak egin nau
asekaitz
bizitza bizi nahi eta
ezin
argia ikusi nahi eta
itsu
iduzkiaren printzak ferekatu nahi eta otz
amodioa urrupatu nahi ta
motz
Hala ere erraietatik dagit
grinaren oihu latza
laztasunaren otsa
bizi nahiaren oihu etsitua
orai eta hemen
ase ezina.(bis)
AMODIOZKO POEMA
(Errepollenekue - B.L.)
Gu, dantzari zuberotarrak ginen Estuardoen kortean
eta ez ginen haien hizkuntzaz mintzatzen.
Horregatik, egun guztiz, oihuz genuen dantzatzen.
Haien ondoan inguratutako ega-luze saldo bat ginen.
ta zuk autobideko, neskatxa maitea
egunsenti-arte kantatuz laztandu ninduzun,
urriko gau epel batean arrapatutako einara nerea.
Egun hartara itzuli nahi nuke
emeki-emeki
etsasoari begira, begi itxiz,
jiratutako itzulian barrena.
Neure behatzez gure herriko belarra bilatzen,
aizean gure herriaren erortea,
Zarauzko zineetan begirada trixteko eta
buruan aluminiozko xedera neskatxa bilatzen,
gure herriko plazeetan Otsagiko "baboa"
Pelikula mutuetako ereduak
Japoiko portabioietako lumez laztandu ditugu,
tiburoien ortz eta aginen barrena ibili behar izan dugu,
geure seme-alabak itsas-ertzean eduki ditugu
aingira eta itsas-trikuen eskumenean.
Odolezko ohetan lo dugu egiten
ta
atzerriratzen gaituzten trenetako
komunetan negar egiten.
Bainan ez izu, maite,
gure etxera inor ez dator orain,
Gorbeian urtzen ari den elurra da
ibaiak arrotuak jausten dira,
itoko ahal dituzte?
BALEAREN BERTSOAK
(Herrikoia)
Mila bederatzieun da
lenengo urtian
Maiatzaren hamalau
garren egunian
Orioko herriko
barraren aurrian.
Balia agertu zan
beatzik aldian.
Haundia ba zan ere
azkarra ibilian.
Bueltaka han zebilen
juan da etorrian.
Ondarra arrotuaz
murgil igarian.
Zorriak zeuzkan eta
haiek bota nahian.
Ikusi zutenian
hala zebilela
beriala jun ziran
treineruen bila.
Arpoi ta dinamitak
eta soka bila.
Aguro ekartzeko
etzan jende hila
Bost treinero juan ziran
patroi banarekin.
Mutil bizkor bikainak
guztiz onarekin.
Manuel Olaizola
eta Loidirekin.
Uranga, Atxaga ta
Manterolarekin.
Baliak egindako
salto ta marruak
ziran izugarri ta
ikaratzekuak
atzera egin gabe
ango arriskuak
arpoiakin hil zuten
han ziran hangoak.
Bost txalupa jiran da
erdian balia
gizonak egin zuten
bain nahiko pelia.
Ikusi zutenian
hila edo itoa
legorretikan ba zan
biba ta txaloa.
Hamabi metro luze
gerria hamar lodi
Buztan palak lau zabal
albuetan pala bi.
Ezpainetan bizarrak
beste ilera bi
orraziak bezala
ain zeuzkan ederki.
Gorputzez zan mila ta
berreun larrua.
Beste berreun mingain
ta tripa barruak.
Gutxi janaz etzegon
batere galdua.
Tinako sei pezetan
izan zan saldua.
Gertatu bat jarri det
egiaren alde.
Hau horrela ez bada
jendiari galde.
Bihotzez pozturikan
atsegintsu gaude.
Gora oriotarrak
esan bildur gabe.
ASKATASUNAREN SEMEEI
(B.L.)
Herri neketsu hontan
polborazko lohitara
euskal semeak boteaz,
trintxeretako nekeaz
gure barne muinak ezituaz,
ukatzen zaigun izatearen
funtsa lurrean errotuaz
mendez mende bagoaz.
Gure begi legorretan
askatasun egarriz
nahigabea haunditzen,
etsipenaren aurreko
itsumenean,
izar gidaririk ez.
Ez dator gugana
jainkosa Mariren
urrezko ileen dizdirarik.
Ez eta, erreka garbietara
lamiek kantatutako
doinu liluragarririk,
Ez ote inoiz
beren urrezko orrazeaz
sasi nahasi hau orraztera jetxiko?
Ez ote gaitu
Sugar zerutarraren sumindurak
bere seme Jaun Zuriaren ikuituaz
txertatuko?
Hor dire nunbait maite,
gure errege-alaben
setazko jantzi txuriak
hor nunbair, izan ere
oraindikan usaindu gabeko
lore freskoak,
askatasunaren semeen
paradisuan.
Amodiozko kontuak
zilegi izango zaizkigunean,
Euskal Herriko haurrak
berriro ere euskal ipuin xarmantez
lotaratuko direnean.
Gure arteko begiradak
anaikorrak egingo direnean.
Gure izatearen
ardatza sendoaren bueltan
garaipenezko kantuak
entzungo direnean...
Orduan bai maite,
gure lurreko belar gozoa
zure eta nere soinean lizun bilakatuaz,
amodiozko mozkorrean murgilduta,
zorabiozko jirabiretan,
aragi daldartien hatsedenean,
askatasunaren semei dai eginaz...
Gure munduaren astapena
hantxen osatuko dut
zure sabelean.